TEKNOGRAFIAK

Hona hemen gure teknografiak: Nekane, Maitane, Izortze eta Ianire. Espero dugu zuon gustukoak izatea bihotzez egin ditugu eta:

TEKNOGRAFIA
                   

1991ko abuztuaren 2an jaio nintzen nire ahizparekin batera, Janire. Niri  Nekane izena jarri zidaten.
3. urterekin eskolara hasi nintzen. Mariaren Lagundiaren eskolara. Haur hezkuntzan nire ahizparekin egon nintzen klase berean.  Nahiko esperientzia arraroa izan zen biontzat. Irakasleak nire ahizpari zerbait txarto egiten zuela esatean, asko kezkatzen nintzen.   Hala ere, urte ikaragarriak izan ziren. Gehien gustatzen zitzaidana margotzea eta plastilinarekin aritzea zen.
Lehen hezkuntzan, aldaketa izugarria bizi genuen nire ahizpa eta biok. Kurtsoko bi gelak zeudenez, nire ahizpa alboko gelara  joan zen. Nahiz eta momentu horretan nahiko txarto pasatu, positiboa izan zen guretzat. Berehala nire ahizpa lagun berriak egin zituen eta hortik aurrera bakoitzak bere gauzaz arduratzea ikasi genuen.
DBH-ra pasatzerakoan teknologia berriek gero eta gehiago agertzen ziren nire eguneroko bizitzan.  Halaber, gehiago ikasi behar zen eta irakasleek ere zorrotzagoak ziren. Urte hauetan, aldaketa eta esperientzia ugariak bizi nituen, esate baterako lagunekin ateratzen nintzen, herriko festetara joaten nintzen, nire gorputzaren aldaketa nabarmenak izan nituen…
Batxilergoa gogorragoa izan zen. Nahiko estresatuta ibili nintzen urte horietan, bereziki bigarren batxilergoan. Selektibitatea egin behar nuenez, urduritasuna nitaz menderatu zen. Hala ere, batxilergoa eta selektibitatea bukatzerakoan, oso arro sentitu nintzen, nire bizitzaren pausu garrantzitsu bat bizi nuen eta horretaz kontzientea nintzen.
Horrekin batera, psikologia edo magisteritza  gustatzen zitzaidan baina ez nekien zer ikasi. Nahiz eta zalantzan egon, azkenean, magisteritza ikastea erabaki nuen eta hemendik  3 urte barru bizitzan dudan amets bat lortuko dut: lehen hezkuntzako irakaslea izatea, alegia.
Unibertsitateko 3 urte hauetan oso pozik eta gustura sentitu naiz. Asko ikasi dut eta gogo handiarekin amaitzen dut ikasketa hau. Benetan aurkitu dut gustatzen zaidana eta uste dut hori ezinbestekoa dela lanbidean ona izateko.
Nire bizitzaren momentu konkretu hauek azaldu ostean, uste dut bizitza topera disfrutatu behar dugula. Bizitzan zorte izugarria dudala kontzientea naiz eta horrexegatik, nire bizitzaren momentu honetan, bizitzak eskaintzen didan momentu politenetaz gozatzea nahi dut.
 Horretarako, nire inguruko pertsonak ezinbestekoak dira. Nire ibilbidean zehar, izan ditudan arazoak, trabak edo beldurrak  haiei esker aurrera ateratzea lortu dut. Uste dut guztiok behar dugula besteen bultzada edo laguntza, horrexegatik hain garrantzitsuak dira niretzat, ezinbestekoak, alegia.
 Nekane Estrella Lekanda

..............................................................................................................................................

Teknografia: NIRE AMETSA AURRERA ERAMATEN

                      
Mungian, 1991ko azaroaren 6an jaio nintzen, asko maite nauen familia baten inguruan. Haiek izan dira nire bizitzako irakaslerik garrantzitsuenak: aita, ama eta neba, Josu. Berak jarri zidan Maitane izena.

2 urterekin, Larramendi Ikastolan sartu ninduten. Nire lehen lagunak egin nituen, lehen aldiz mozorrotu nintzen, nire lehen txangoak egin nituen, lehen urtebetetze festak ospatu nituen, saskibaloira apuntatu nintzen nire lagunekin,ikastolan egindako dantza eta kantak asko gustatzen zitzaizkidan eta beste hainbat gauza. Garai oso politak izan ziren, orain nostalgiaz gogoratzen ditudanak eta inoiz ahaztuko ez ditudanak. 

Etapa honen ondoren, DBH heldu zen eta horrekin batera, nerabezaroa: mutilak, nire lehenengo festak, lagunekin batera lehen ikasketa bidaia eta abar. Baina etapa honetan hainbat lagun agurtu behar izan nituen, ikastolan aurrera jarraitzen ez zutenak. Pena handiz agurtu nituen baina oraindik gogoratzen ditut guztiak.

Aurrera jarraitu genuenontzat, Batxilergoa etorri zen eta honetan, argi neukan bide bat aukeratu nuen: gizarte zientziena. Betidanik argi izan dut besteekin kontaktuan egoteko eta besteei laguntzeko zerbait nahi nuela ikasi bizitzan. Eta amak oraindik esaten dit beti nahi izan dudala irakaslea izan eta gauzak azaltzeko eta laguntzeko grina hori izan dudala txikitatik. 

Selektibitatea heldu zen, hainbat buruhauste eman zizkigun garaia, baina pena merezi zuen aurrera egin eta nire ametsa lortzen jarraitzeak. Erabakiak hartu beharra zegoen eta psikologiak arreta deitzen zidan arren, irakasle izatearen printzipioa jarraitu eta magisteritzan matrikulatzea lortu nuen.

Ikastola eta batxilergoa amaitzearekin batera, hainbat aldaketa etorri ziren nire bizitzara: pertsona berezi bat ezagutu eta maitemindu egin nintzen, unibertsitatera hasi eta lagun eta ikaskide berriak ezagutu nituen eta abar. Betiko lagunek hor jarraitzen dute eta horietako bik nirekin ikasten jarraitzen dute eta nire amets berbera daukate. Laguntza handia izan da haiek nire alboan izatea unibertsitatean!

Unibertsitatearekin batera, esperientzia eta irakasle izateko ilusioa etorri dira. Haurrekin lan egitea zer den ikusi ahal izan dut eta orain, inoiz baino ziurrago nago irakasle izan nahi dudala. Haurrekin nagoenean dudan sentsazio hori izugarria da eta ez nuke beste ezergatik aldatuko.

Beraz, maite nautenen laguntzaz eta nire ilusio eta baikortasunaz baliatuz, aurrera egingo dut nire bidea eta nire irakasle identitatea eraikitzen!

ESKERRIK ASKO NIRE FAMILIA, LAGUN ETA BIZITZAKO PERTSONA BEREZI HORRI, ZARETENAK ZARETELAKO! :)  MAITANE ETXEGARAI

.........................................................................................
TEKNOGRAFIA




NARRAZIOA

Izortze, 1991ko maiatzak 30ean jaio zen.  Fika herritxoko baserri batean bizi zen bere guraso, aitona-amon eta osabarekin. Bertan, oso zoriontsua izan zen, animaliekin jolasten zuen, bere birraitonarekin pasioak ematen zituen …    Ez zen haurtzaindegira joan, gurasoak lanean zeuden bitartean, bere amonarekin egoten zen.

Hiru urterekin Larramendi ikastolan hasi zen, bertan ere momentu zoragarriak bizi zituen, bereziki lehen hezkuntzako urteetan.
Zortzi urterekin Mungira joan zen bizitzera,hasiera batean arraroa egin zitzaion animalia barik egotea, leihotik mendiak ez ikustea … faltan botatzen zuen baserria baina pixkanaka - pixkanaka ohitu zen pisuan bizitzera.

DBH-ra igarotzean, aldaketa handia ikusi zuen;  gehiago ikasi behar zen, azterketak luzeagoak ziren… notak jaitsi egin ziren, nahiz eta gero berriz  ere “berpiztu”.

Gainera, derrigorrezko hezkuntzako lau urte hauetan nortasun aldeko aldaketa nabarmenak ikusi zituen, esate baterako, herriko jaietara joatera hasi zen, lehen kalimotxoa dastatu zuen, mutiletan fijatzen zen, ume izatetik urrun zegoen eta bera kontzientea zen horretaz.

Batxilergoan ere aldaketa handia ikusi zuen, lehenengo urtean nahiko estresatuta ibili zen eta bigarren urtea Mungiako institutuan egitea erabaki zuen. Han, nahiz eta urte gogorra izan, gusturago ibili zen.

Handik gutxira selektibitatea etorri zen.  Larritasun eta urduritasun momentuak igaro ondoren, magisteritza ikastea erabaki zuen.  Gaur egun, oso pozik dago karrerarekin, umeekin sentitzen duen sentsazioa izugarria da eta argi dauka etorkizunean irakaslea izan nahi duela.

Baina oraindik ez dakigu Izortzeren nortasunari buruzko ezer; nolakoa da bera?

Alaia, maitekorra, pazientzigabea eta oldartsua dela dino. Gustuko du bidaiatzea eta ahal duen guztietan egiten du. Orain, Portugalera joateko momentua noiz helduko den zain dago. Gustuko du ere txokolatea, izozkiak, animaliak, besarkadak, irribarreak, maitasuna eta nola ez, bere mutila. Hamalau urterekin ezagutu zuen eta espero du luzerako izatea.  Bere txakurtxoa, familia eta lagunak oso garrantzitsuak eta beharrezkoak dira bere bizitzan. Hamasei urterekin konturatu zen bere amarekiko dependentzia osoa zuela, txakurrak egunero maitasuna ematen dio eta lagunik gabe hutsik sentitzen da. Hainbat amets ditu, esaterako:  irakasle ona izan, Nueva York eta Zanzibar bisitatu, “route 66” famatua egin mustang batean eta ametsik garrantzitsuena eta handiena, osasuna bere ingurukoentzat.

...........................................................................................



Teknografia: Irakasle identitate bat sortzen.

“Todos los triunfos nacen cuando nos atrevemos a comenzar”

Bizitza osoa erabaki zailez beteta dago, zure bizimodua era bateko edo besteko egingo duten erabakiez. Askotan galdetu izan diot nire buruari nolakoa izango litzatekeen nire bizitza, nire nortasuna gauzak beste era batean aurkeztu izan balira.

Lehengo pausoa ematen ausartu behar gara, baina hori ez da gauza erraza. Gure ingurukoen laguntza behar izaten dugu gauza berrien aurrean sortzen zaigun beldur horri aurre egiteko. Ezinbesteko izaten da besteen bultzada aurrera jarraitu ahal izateko. Bultzada diodanean zera esan nahi dut, jausten garenean jaikitzen lagunduko gaituen norbait alboan izatea.

Irakasle izango garenok oinarrian izan behar dugu ideia hori. Haurrei, pertsona nagusiekiko dependente diren heinean, aurrera pausoa emateko konfiantza eman behar diegu. Gauza berrien aurrean akatsak egitera izan dezaketen beldurrak gainditu behar dituzte. Horretarako akatsak ikas prozesuaren pausu gisa hartu behar ditugu, hobetzen laguntzen dute.

Hala ere, haurrek haien autonomia garatu behar dute dependentzia hori gainditzeko. Beraz, nagusitzen doazen heinean haurrak nagusiekin lotzen duten soka hori askatzen joan beharko dugu. Haien etorkizuna benetan maite eta sentitzen dutenaren arabera aukeratu behar dute eta okertzen badira, akats horiek hurrengoan hobeto egiteko aukerak direla ulertu behar dute.

Irakasle batek behin esan zidan: “Nahi duzuna lor dezakezu, ez izan beldurrik”

IANIRE DAAIRA

No hay comentarios:

Publicar un comentario